Mungialdea

Mungiako eta inguru zabal bateko ume eta gazteak hurbiltzen dira egunero Larramendi Ikastolara. Mungia inguruko herri txikiagoetatik (Bakio, Jatabe, Meñaka, Gamiz-Fika, Arrieta, Fruiz, Laukiz eta Gatika), baina baita Txorierri ingurukoetatik ere (Derio, Sondika, Loiu, Zamudio, Lezama eta Larrrabetzu) batez ere. Inguru osoari eskaintzen dio zerbitzua Larramendi Ikastolak.

Sollube (684 m) eta Jata (592 m) mendien artean kokatutako bailarako herrietatik ailegatzen dira ikasle gehienak, Butroi ibaiaren ibarrean daudenak.

Mungia, Bizkaiko zonalde horretan dagoen herririk handiena da. 17.000 biztanle inguru ditu. Bilbotik 16 kilometrora dago errepidez, Bilbo eta itsasertzearen arteko puntu batetan kokatuta, eta Loiuko aireportutik 10 minutura. 52 kilometro karratu ditu guztira eta itsasotik 20 metroko garaieran dagoen eremu zabala da. Sollube eta Jata mendiez gain, hainbat sakonune eta mendixka baditu; besteak beste Gondramendi (217 m), Tallu (342 m) eta Berreaga (366 m).