Ibilaldia 2017

Mezua

Larramendi Ikastola eta beste hainbat ikastola sortu zutenen ereduan sinesten dugulako, berau mantendu eta sustatu nahi dugu. Euskara eta euskal kultura ardatz izanda, pedagogia aurreratu eta aurrerakoia bultzatzen duen eredua. Ikasle euskaldun eleanitzak eta buru-askeak formatu nahi ditugulako. Horretarako, ikastola egiten dugun guztion parte-hartzea behar dela uste dugulako, zeregin horretan egunero eta alkarregaz aritzen gara irakasle, langile, ikasle, guraso eta ikasle ohiak.

Herritik sortu ginelako eta herriarentzat dihardugulako, urte osoan zehar ospatuko dugu gure herriaren etorkizunarekin lotzen gaituen ardura eta ilusioa.

Marka nortasuna

Egunero alkarregaz egiten dugu Larramendi Ikastola, herria eta ikastolaren artean etengabeko elkarrekintzaren bitartez. Gure komunitatea dinamikoa delako. Euskaltasuna, elkartasuna, elkarlana, auzolana eta konpromisoa dira gure eta beste ikastolen ezaugarri nagusietakoak. Horregatik, ikastolan, zu, hura, zuek, haiek, gu, ni… denok gara bat. Egunero lantzen ditugun kontzeptuak direnez, gure leloa era naturalean gure izaera azaltzen duela uste dugu.

Izan zirelako gara eta garelako izango dira esaldia jarraituz, orain dela 50 urte Larramendi Ikastola bultzatu zutenen ondarea 50 urte barru izango direnek izan dezaten aldeko lana egunerokoa dela erakutsi nahi dugu Ibilaldian, urte osoko ekintza ere baitelako. Katea apurtu ez dadila.