Ilhobek eskaintzen duen Erronka Garbia zigilua lortu dugu

Ilhobek eskaintzen duen Erronka Garbia zigilua lortu dugu

Erronka Garbia ziurtagiria du aurtengo Ibilaldiak. Eusko Jaurlaritzaren Ilhobe sozietateak -ingurumen-politika garatzeko eta ingurumen-jasangarritasunaren kultura hedatzeko sortua- aitortza modura eskaintzen duen zigilua da. Baina zer esan nahi du? Ibilaldian ingurumenean eragin ditzaketen inpaktu negatiboak minimizatzeko asmoz diseinuan eta antolakuntzan ingurumen-neurriak hartu dituztela hain zuzen ere. Baina, zergatik?

Ikastolen jaian milaka pertsona elkartuko garelako Mungian. Milaka pertsona horiek komunak erabili, jan eta edan egingo dute. Hondakinak sortuko dituzte eta euren beharrizanak asetzeko ura eta argi indarrak kontsumituko dira. Ekitaldiek gainera hainbat errekurtso behar izango dituzte. “Jasangarritasunaren erronka hasieratik planteatu genuen eta aurrerapausoak eman ditugula esan dezakegu”, diote Ibilaldiaren antolakuntzatik.

Ibilaldiaren antolakuntzan erabiliko diren ibilgailuak elektrikoak izango dira. Gainera, mobilitatearen jasangarritasuna aldarrikatuz, garraio publikoak erabiltzeko deia zabalduko da. Hondakinen gestioan birziklatzearen aldeko gestioa bultzatu nahian, edukiontzi ezberdinak jarriko dira ibilbidean zehar, jendeari birziklapenaren aldeko mezuak helaraziz. Eta ura eta argi indar gutxiago erabiltzeko neurriak hartu dituzte jada.

“Ibilaldia jai bat da eta jai-giroa izan behar da gaur nagusi, baina gure ingurua aurreko astean zegoen bezala utzi behar dugu. Eta denon ardura da”, aldarrikatu nahi dugu. “Gure eskutan dauden kontsumoak ahalik eta gehien jaisten saiatu gara eta jaira datozenen ardurapean dauden neurriak errazteko ardura ere hartu dugu”.