Larramendi ikastola

Larramendi Ikastola Kooperatiba Elkartea Mungian kokatutako irakaskuntzako kooperatiba euskalduna da. Haren funtzionamendu-egitura ikastola ereduan oinarritutakoa da, ikasleen familiek zuzendua.

Ikastola, herriak sortua, hasierako euskal hezkuntzaren konpromisoari leialtasunez eutsiz, moldatu egiten da guraso eta hezkuntza zerbitzuak hartzen dituzten ikasleen itxarobide berri eta eskarietara, baita ere gizartean gertatzen ari diren aldaketa eta berrikuntzetara.

Hezkuntza eta zerbitzu eskaintza osoa du Larramendi Ikastolak, 0 eta 18 urte bitarte inguruko ume eta gazteak heztera bideratutakoa. Horretarako, profesionalen talde egonkor eta goi-mailako prestakuntzaduna dauka, baita euskara eta euskal kultura sustatzeko kalitatezko hezkuntza bermatzen duen bitarteko fisiko, material eta teknologikoak ere; eta, betiere, gainontzeko kulturetara zabalik dago. Goitik beherako hezkuntza, kalitatezkoa, berritzailea eta eleanitza eskaintzen du, eta bertako eragileen aurreikuspenei egokitutako zerbitzu eta eskolaz kanpoko ekintzak ditu.

Larramendi Ikastolaren xedea ikasle trebeak prestatzea da, gizartean erabat txertatuko direnak; baita hezkuntza-komunitatea osatzen duten guztiek parte-hartzea eta kooperatibako kideak asebetetzea ere.

50 urte

Larramendi Ikastola 1967an jaio zen zazpi ikasleko talde batekin, beraz, Ibilaldiak ikastolaren 50 urteko ospakizunekin bat egingo du. Escuela Parroquial Larramendi izenpean jaio zen zentroa, Mungiako elizak utzitako lokaletan. Hasierako gorabeherak gainditu ondoren, 1978an herriko Llona auzoko baserria erosi eta bere gaur egungo egoitzan finkatu zen.

Gaur, Mungiako eta inguru zabaleko herrietako 1.300 ikasle inguru ditu ikastolak, hiru lerrotan antolatuta, Bizkaiko Ikastola handienetariko bat delarik.

2017koa, Larramendi Ikastolak antolatutako bigarren Ibilaldia izango da. 1998an, Erdu Geugaz lelopean, Bizkaiko Ikastolen Jaia ospatu zuelako.

Bisitatu Larramendi Ikastola